Folk Tale

Otsoa ta Antxumea

AuthorBizenta Mogel
Book TitleIpui onak
Publication Date1804
LanguageBasque
OriginSpain

Aunz bat zijoan basora Antxumea etxean itxirik Okulluban ondo gorderik Irten ez zezan kanpora. —Kontu —diotsa— ez irten, Biurtu nadin artean; Eta iñor bada atean, Oles, oles egiten, Ez idiki beingoan; Zaude iratzarritik, Ta begiak idikirik, Ni an ote nagoan. Zelata dago otsoa Esan ziona aditzen, Baña goseak estutzen Zuen agitz gaiztoa. —Antxume aragia —Dio— da txit samurra; Baña bear da gezurra Neretzeko giberria. Dijoa ixillik atera Aunz amaren soñuaz, Asmo gaiztoz artuaz Ta onela arrapatzera. Antxumeak du gogoan Bere amaren esana Asko maitez emana Basora zan ondoan. Ala atearen zirritutik Daramazki begiak Ta erakusten dio argiak Zegoan leku ezkututik, Zala bere etsai otsoa, Ez bere ama maitea. —O malmutz goseberea! Zein aizan i gaiztoa! Ala gogoz kortatik Diotsa bere etsaiari. Eta, zer ipuiak gazteari? Enzun beza bertatik. Artu bear dira gogoan Zar jakintsuen esanak Kalte-artuz eman diranak. Ez utzi iñoiz alboan.


Text viewBook