Folk Tale

Katu Eizari basokoa Zortzikoan

AuthorBizenta Mogel
Book TitleIpui onak
Publication Date1804
LanguageBasque
OriginSpain

Anziña erri batean Bizi zan katua, Geldi egon bearrez Guziz gogaitua; Igesa artu nai du Etxetik basora, Igarotzeko egunak Bere gogo osora.

Dio: —Zer da etxekoak! Emen nik sarturik? Egon bear ote det Beldurrez beterik? Sukaldera banoa, Etxe neskameak Nereganatzen ditu Bere aserreak.

Illiti ta berzunak Dizkiz aurtigitzen, Nere bizkar ezurrak Asko minberatzen. Au da ematen didan Eguneko-ogia, Ala artu dezadan Ganbara bidia.

Narabilte etxean Sarri illariaz, Lapurreta guziak Niri egotziaz; Asmo txatar onekin Beti naute zaitzen; Oramaian okelak Dizkide gordetzen.

Alako baten bada Dia neskamea Beste toki batera; Baña sukaldea Txakur baten pekora Didate largatzen, Utzi nai ez didala Onek urreratzen.

Katuak bear dute Bizi ganbaretan, Billatu janaria Etxe saguetan; Suak argaltzen ditu, Ta guziz makaldu, Ala gure mixitxo Guzia da galdu.

Au da enzuten dedan Soñu betikoa; Gero estaltzen dute Kontuz lapikoa, Arrapa ez dezadan Geli egosia, Ta beren janaritik Asa nik gosia.

Egun pakezko gabe, Nor bizi onela? Ez da neretzat obe Iges bereala Mendira egitea, Zer jan billatzeko, Sabel ain muuritua, Noizbait betetzeko?

Katuak bere asmoa Artu zuen laster, Eizan arrapatzeko Ollagor, ta eper, Baso satorrak, eta Erbi gaztetxoak, Birigarro, zozoak, Beste txoritxoak.

Basoan artu zuen Leku ezkutua, Ala dago gorderik Gure bizartsua; Kateak egozteko Pizti, ta egaztiai, Bidea zabaltzeko Este zimurtuai.

Laster zan bai gizendu Misotxo gurea, Mendian ez du izaten Etxeko gosea; Dio: —Au janaria! Samur gozatsua, Errian bizi dana Da txit zoratua.

Katu eremutarrak Ez du nai belarrik, Ez aran, ez mispilla, Ez baso-sagarrik; Aragi samurretan Dago koipetua, Baraua dadukala Betiko aztua.

Zebillela onela Pozez zoraturik, Dijoaz Eizariak Su-armak arturik; Laguntzat dituztela Eiza-zaukariak, Billatu, ta iltzeko Eper, ta erbiak.

Usaika zebillela Txakur bat lurrean, Beingoan gelditu zan Sasitza aurrean. Zegoan an Padarra Ixill, ta gorderik; Txakurrak nai ez zuen Aldatu tokirik.

Eizariak dirade Ingurura biltzen, Ollagor, eper, edo Erbiak irtetzen Ote zuen sasitik, Sua egiteko, Illik, eskuz artuta Brujakaratzeko.

Uste uste gabean Dakuste katua; Sasipe sakonduan Guzia sartua; Zeuzkala aldamenean Ezurrak ugari, Zala kaltegillea Zioten igarri.

Amorruz, ta erneguz Dute arrapatzen, Lokarri sendoakin Gero gatigatzen, Esaten diotela: —Eiza-gaitzallea! Emen galdu bear dek Ire bizitzea.

—Gizonak, zer egin det? —diotse katuak— Ager zakizkidatzu Nere bekatuak; Baldin zuen laguna Banaiz ni onetan, Zertako ipintzea Gaur ni kateetan?

Agintaria andia, Kaltegiñ andia, Nola zigorperatu Lapurtxo txikia? Lapur artutzalleak, Badira lapurrak, Irentsiko dituzte Mami, ta ezurrak.


Text viewBook