Folk Tale

Jesu kristo eta soldadu zaharra

AuthorWentworth Webster
LanguageBasque
OriginSpain

Behin Jesu Kristo zohalarik bere dizipuluekin Jerusalemeko alderat, errekontratu zuen gizon zahar bat eta galdetu zion karitatea. Gizon zahar harek erran zion:

—Soldadu zahar bat naiz eta igorri naute armadatik, gehiago on ez naizelakotz, bi sosekin. Sos bat ia eman dut bidian. Ez zait bat baizik gelditzen eta hura ematen dautzut.

Orduan Jesu Kristok erran zion:

—Zer nahi huke? Zakhu bat urhe ala parabisua?

Jondone Petrik erraiten zion bulharrian, gizon zaharrari:

—Errak: parabisua!

—Zer, parabisua, dio soldadu zaharrak. Gero ere izanen diagu parabisua. Nahiago diat zakhu bat urhe.

Eta erran zion Jesu Kristori:

—Zakhu bat urhe.

Eta eman zion erranez:

—Zakhu hori husten zaikanian, askiko duk erratia: artxila murtxila zakhuan sar. Eta nahi ditukan guziak sartuko dituk zakhuan.

Gizonak hartzen zuen zakhua eta berriz eman zen bidian. Bide puxka bat in zuenian, ostatu baten aintzinian pasatzen da eta ikhusten du mahainain gainian zikiro azpi eder bat. Gose zen eta zakhua idekirik erran zion: «artxila murtxila, zikiro azpi ederra zakhuan sar» Eta instantian sartzen zen. Eta halaber nahi zuen guzia izan zuen.

Egun batez debrua ethorri zen gizon zaharraren tentatzera eta harek, aditu orduko zakhua harturik erran zuen: «Artxila, murtxila, zakhuan sar!» Eta debrua bera zakhuan sartu zen. Erematen du zakhua debruarekin arotz batenganat eta han denbora luzez eta tarrapataka jo zuten.

Soldadu zahar hura hil zenian, joan zen parabisura. Han arribatzen denian agertzen zaio Jondoni Petri eta erraiten dio:

—Zer galdez hago?

—Parabisua.

—Zer, parabisua! Ez duk othe nahiago izan zakhu bat urhe, Jaunak hauta eman ziokanian? Habil hortik eta hua ifernura. Han duk atea!

Arras tristaturik badoa gure gizona ifernuko athera. Eta jo zuen, bainan ideki zioten bezain laster debruak ezagutzen du bere soldadua eta hari zen oihuka:

—Ez utz hori sartzera! ez utz hori sartzera! Sobera damu eta kalte inen dauku. Arras gaixtoa da.

Eta ez dute nahi errezebitu. Juaiten da berriz parabisura eta Jainkoak manatzen dio Jondoni Petriri utz dezan sartzera, gizon debruari hain etsai izan zen hori.


Text view